Ezker monarkia zalea eta Estatuaren apologia (kateak berritzen)

 

2012. urtean sartu gara, batzuentzat, munduaren bukaeraren urtea. Iragarpen apokaliptikoak alde batera utzita, ordea, euskaldun eta espainiar batzuentzat atzera begiratzeko urtea ere bada. Batzuek, mundu ikuskera oso bat betiko lurperatzeko jarritako lehen harriaren bigarren mendeurrena ospatuko dute, eta herrian zeuden demokraziaren azken apurrak betiko deuseztatuz Estatu liberal kapitalista modernoaren lehen garaipen ideologikoa laudatu, 1812ko Cadizko konstituzioa, alegia. Besteek, negar egingo diote 1512an galdutako erresuma zaharrari, Nafarroako erresumari. Batzuk zein besteak bat etorriko dira puntu batean: nazio-estatuaren gurtzan.

 

Lehenengoen logika guztiz ulergarria da, askatasunean sinesten dugunok gogotik borrokatu beharrekoa izan arren. Espainia bakar, handi eta askearen defendatzaile sutsuak dira, eta konstituzio hura haien ideologiaren garaipenaren ikur nagusietakoa da. Bigarrenen logika, ordea, ulergaitzagoa da, benetan bitxia. Izan ere, azken boladan gero eta gehiago entzun dira, eta are gehiago entzungo dira, Nafarroako erresumaren diskurtso apologistak, norengandik eta euren burua ezkertiartzat duten zenbait euskaldunengandik. Neurri batean ulertzen dut, bolada labur batez, aspaldi, neuri ere eragin zidan historiaren irakurketa partzial horren lilurak. Bigarren efemeride horri helduko diot testu honetan, beraz, Nafarroako erresuma nostalgiaz goraipatzen dugunean, zer aldarrikatzen dugun argitzeko. Testu honen neurriak eta asmo xumeak laburbildu eta sinpletzea eskatzen didate, eta eztabaidarako eta ideiak gehiago garatzeko heldulekua baino ez du izan nahi.

 

Nafarroako erresumaren minez bizi direnen arabera, hura izan zen euskal Estatua, gure askatasunen oinarri eta egungo Euskal Herriaren independentziaren aldeko argudio nagusi. Horrela, gogora beste lelo badaezpadako batzuk dakarzkigutenak irakurriko ditugu han edo hemen, hala nola “Euskal Herria bat eta bakarra”. Halakoek ezin dute herrien independentzia Estatu barik aditu, ez zaie buruan sartzen. Euren burua guztiz euskalduntzat izanda, ez dira ohartzen pentsaera kolonizatuta daukatela, mundu ikuskera arrotzek ekarritako moldeak errepikatzea amesten dutela, hain maite dituzten jatorrizko euskal herriak mespretxatuz.

 

Berez, bitxia da XXI. mendean bere burua ezkertiartzat, are marxistatzat daukan inork monarkia baten alde egitea. Ulertu behar dugu hegoaldean 1512an galdu ei zen monarkia gure edo orduko euskaldunen askatasunen euskarria zela? Monarkiari “euskal” izenondoa jarrita koroa baleko bihurtzen dugula? Okerra, ikusiko dugunez, bikoitza da. Alde batetik, koroa, monarkia agertze bera, herri askatasunak lurperatzeko lehen harria izan zen, euskaldunek independentzia edo hautazko interdependentzia galtzeko lehen kolpea. Bestetik, ordurako monarkia hark ezer gutxi zeukan euskaldunetik. Monarkia frantsesa zen eta, neurri handi batean, frankoen onerako agintzen zuen, euskaldunen kaltetan.

 

Zein da Nafarroako erresumaren jatorria? Historiografiari apur bat begiratuta, ikusiko dugu haren sorlekua Iruña dela, garai hartako Pompaelus, eta hala, hastapenetan, Pompaelo, Pamplona edo Iruñeko erresuma esango diote. Orduko Iruñeak zerikusi gutxi zeukan euskaldunen askatasunekin, ohiturekin eta kulturarekin. Erromatarrek sortu edo birsortutako hiria izanda, haien legeen eta ikusmoldeen arabera antolatutako hiria zen. Frankoek ere euren nortasuna emango zioten, baita bisigodoek ere. Eta kultura horien gizarte antolamendu hierarkiko eta klasistari eta izaera militarrari zor zion haien klase banaketak bultzatutako oligarkia militar bat bertan errotzea. Lehen erregetzat dugunak, Eneko Aritzak, Banu Qasitarren bultzadari esker eratu zuen bere erresuma, karolingiarrei aurre egiteko. Banu Qasitarrak musulman bihurtutakoak ziren, jatorriz beharbada erromatar-hispanoak, beharbada bisigodoak. Euskaldunak, ez dirudi.

 

Edozelan ere, zer ekarri zien erresumak mendi eta haranetan aske bizi ziren euskaldunei? Errege baten mendeko bihurtzea, horrek dauzkan ondorio guztiekin. Aurrerantzean, herri demokrazia, udaletako herri-batzarretan gauzatzen zena, etengabeko tentsioan egongo zen beti Erregearen botere nahiarekin, herriaren independentzia atzera eginez, urtetik urtera. Inposaketa horrek argudio nagusia izango zuen: indar militarra.

 

Ordura arte euskaldunen artean horizontalak ziren harremanak bertikaltzen joan ziren, eta monarkia izan zen bidea kristautasuna ere erlijio ofizial bihurtzeko, lehenagoko mundu ikuskera paganoa, jatorrizkoa, legez kanpo jarrita. Baita latina eta hizkuntza erromantzeak nobleen artean ofizial bihurtu zituen erakundea ere.

 

Euskal Herriak Estatu bihurtzea kalterako baino ez zen izan euskaldunentzat. Herri demokrazia (errepikakorra da, baina gaur egun, demokrazia hitza hain ustelduta dagoenean, behar ez liratekeen adjektiboak jarri behar dizkiogu, egungo diktadura partitokratikoetatik bereizteko) etengabeko mehatxupean geldituko zen, gero eta gehiago, herriak berak bere buruari emandako gobernu sistema barik, Erregeak (edo Jaunak), “eskuzabaltasunez”, emandako pribilegio edo oparitzat hartuta. Batzar Nagusiak eurak, maiz erabiliko ziren oligarkien interesen alde eta herrien aurka. Adibide argia da, garai batean, Bizkaiko Batzar Nagusien legeak haietan ordezkaritza izateko herriek gazteleraz zekien norbait bidaltzera derrigortzea. Horrela, erdaldunik ez zeukaten herri asko ahotsik gabe gelditu ziren luzaroan, lege hori atzera botatzea lortu zen arte. Ez da kasualitatea foru zaharrak eta berriak hain berandu eta erromantzez idatziak izatea. Ordurako, bazegoen tokian tokiko elite bate herriaren nahia bere interesen arabera berrinterpretatu eta interpretazio hori idatziz jasotzeko. Euskaldunek idatzizkoari (kontratuak, legeak zein literatura izan) zioten mesfidantza oso osasungarria eta zuhurra zen, bai horixe. Bestalde, gaur egungo lurralde erakundeei Batzar Nagusiak esateak txantxa iluna dirudi. Garai batekoek gorde zuten sen demokratiko apurretik izena baino ez dute gorde, haiek ere alderdi interesen aldeko borrokarako esparru bihurtuz, haiek ere frantses iraultzak ezarritako diktadura parlamentarioaren kopia hutsa.

 

Edozein ikuspegitatik begiratuta, Estatu egiturak sortzea izan zen herrien independentzia murrizteko lehen kolpea, eta erresumak eta jaurerriak, egitura hierarkiko eta zentralizatzaileak sortzea hartu behar genuke euskaldunen independentzia galeraren abiapuntu, 1512a baino askoz lehenago.

 

Bestetik, bertsio ofizialak diosku Nafarroako erresumak galtzea euskal Estatua galtzea ekarri zuela baina, benetan zen euskal Estatua 1512an “galdu” zena?

 

Ordurako, Bizkaiko oligarkiak aspaldi zuen erabakia euren Jauna Gaztelako errege bihurtzea, ezkontza bitartez. Gipuzkoa eta Arabako gehiena ere Gaztelaren eskuetan zegoen, lurralde bakoitzeko Estatu buruzagiek erabakita edo okupazio militarraren bidez. Ordurako, foruak errespetatzearen truke, Lapurdiko erakundeek ere Frantzia osatzea erabakia zuten, eta Baiona militarki konkistatua zen. Zuberoa ere militarki okupatua zen. Eta geratzen zen Nafarroako erresuma horretan nork agintzen zuen? Aspaldi, Ximena dinastiaren azkena hil ondoren, Frantziatik ekarria izan zen monarkia berria, Xanpaina familiakoa. Hori XIII. mendean gertatu zen. Alegia, XIII. mendetik, Nafarroako erresuma frantses dinastia biren eskuetan egon zen, Xanpaina familiarenean hasieran, Foix familiarenean gero, tarte labur batez, Frantziako eta Gaztelako erregeen artean partekatuta egonda. Hori zen euskal Estatua? Izan ere, 1512ko konkistaren ostean euskal Estatu “askearekin” zer gertatu zen ikustea baino ez daukagu, monarkiak zer ekarri zuen argi ikusteko: 1589an, konkista ospetsuaren 77 urte ondoren, Nafarroako erregeak Frantziako errege bihurtzea onartu zuen, ezkontza bitartez, horretarako katoliko bihurtuz, eta hurrengo mendean haren ondorengoak koroa biak bat egitea erabaki. Beharbada, Gaztelak Nafarroa konkistatu ez balu, egun frantsesak lirateke nafar guztiak, “euren” erregeari esker. Eta ez da harritzekoa, “nafar” errege horien jatorriari erreparatuta. Azken finean, frantses jatorrikoak ziren, ezta?

 

Bestetik, gogoratu behar da erresumaren “galera” Nafarroako monarkiaren abarotan loditutako handikien arteko norgehiagokak bultzatu edo erraztu zuela, neurri handi batean. Herrien interesekin zerikusirik ez zeukaten agramondarren eta beamondarren arteko liskarrek zabaldu zizkioten ateak konkistari. Euskal Estatuan, Euskal monarkian, boterea eskuratzeko lehiak, azpijokoak eta ustelkeriak beste edozein monarkia zein Estatutan zeuden eta dauden berberak ziren. Eusko labelak ez zituen ez herrikoiago, ez duinago, ez zintzoago, ez demokratikoago, ez eskuzabalago bihurtu.

 

Eta hainbat ezkertiar historia horri begira jartzen dira euskal Estatua aldarrikatzeko, monarkia bat goraipatzeko. Haiek ere, handikien, oligarkien, tiranoen erabakiei begira jartzen dira, haien arabera irakurtzen dute herrien historia. Horrek azaltzen du kanpotik ekarritako beste diktadura mota bat ere, alderdi politikoen eta legebiltzarren bidezkoa, ontzat ematea.

 

Euskal Herriek, ordea, beste historia bati begiratu behar liokete, jauntxoek, eliteek, apaizek, nobleek eta burgesek idatzi nahi izan ez duten historiari, ahal izan duten neurrian ezabatu eta ahaztarazi nahi izan duten behekoen historiari. Herrien historiari, alegia, herri horietan, sarean, borondatez eta horizontalki antolatutako herri burujabeetan baino ez dagoelako benetako independentzia baterako edo, zehatzagoak izateko, hautazko interdependentzia baterako giltza. Estatu guztiek, frantses, gaztelar, espainol zein euskal estatu izan, herrien askatasuna, autoantolakuntza, auzolana eta jabetza komunala suntsitzeko baino ez dute lan egin, euren sorreratik beretik. Monarkia zale berriek, Estatu apologista berriek, ezkertiar izatea zer den aztertu behar lukete. Pentsatu behar lukete, euskal Estatua aldarrikatzen dutenean, Estatuak dakarren guztia, hots, euskal armada, euskal atzerritartasun legeak, euskal polizia, euskal kartzelak, euskal errepresioa, euskal kapitalismoa… ere eskatzen dituzten. Tirania monarkiko bat zuritzeko prest daudela ikusita, beldur naiz benetan hori dena zuritzeko prest ez ote dauden, aurretik “euskal” ipinita autoritarismoa ere eder eta desiragarri bihurtuta.

 

Aurtengo mendeurrenetan zerbait aldarrikatu behar badugu, Estatu ororen desagerpena eta herrien burujabetasuna aldarrika ditzagun, eta bidea egin Euskal Herriek banakako zein taldeko askatasuna eskura dezaten. Izenda ditzagun Estatuak, monarkiak eta konstituzioak oro herrien etsai, herrien azpiratzaile. Udalbiltza, esaterako, eredu interesgarria izan zitekeen, alderdi interesetatik kanpo antolatutako benetako herri-batzarren koordinazio erakundea izan balitz, demokrazia zuzenaren isla, burujabetza de facto baten bidean, baina tamalez, horretatik oso urrun geratu zen, botere borrokaren baitako beste eszenatoki bat bihurtuz. Behetik gorako ereduen lurperatzaile izan diren goitik beherako sistemak aldarrikatzeak ez dio askatasunari mesede handirik egingo.

 

Libertariook erantzukizun historikoa dugu, Estatu ororen aurrean, benetako herrigintza bultzatzeko, eta urte egokian gaude horretan buru-belarri jarduteko. Jose Mari Esparzak bere liburuan erakutsi digunez, historian Euskal Herriak jaso dituzten hainbat mapa egon dira, hainbat politika eta administrazio ikuspegi eta interes jaso dituztenak. Bada garaia goikoen eta garaileen erabakietatik harago, euskal herriek, euskal herritarrek, egun gure herrietan bizi diren biztanle guztiek borondatez, burujabetasunez, askatasunez, behetik eratutako mapa marraztu dezaten.

Asel


8 responses to “Ezker monarkia zalea eta Estatuaren apologia (kateak berritzen)

  • Jon Agramont

    Dituzun Nafar erresumaren datuak ez dira batere zuzenak, inperialismoak irakatzi dizkizunak dira. Hobe duzu dakizunaz hitz egitea, ezpabere, siniesgarritasuna galtzen du zure diskurtsoak.
    Adibidez, Espartzaren liburuaren mapak: nafar estatuko mugak dira.

  • Jon Agramont

    Portzierto: estatu batek, errezkadan, beste guztien beharra dakar (“Estatua edo hil” laburtuko nuke), hori da penalidadea!! Bestela: ni ere anarkista hutsa naz: Estatua da Leviatanan, benetako monstruoa.

  • aselluzarraga

    Aupa Jon, sinesgarritasuna izate aldera, dauden okerrak zuzentzea litzateke onena. Bestalde, dakidanaz idatzi dut. Bai unibertsitatean bai nire kabuz, luze eta asko irakurri dut Euskal Herrietako historiaz eta, kasualitatez, iturri nagusiak historiografia abertzale ofizialari dagozkio, beraz, ez dakit zer inperialismoz ari zaren beraz… Espartzaren liburua irakurri duzu? Nafar Estatuko mugak balira, haren errefenrentziak Nafar Estatu hori amaitu zen garaian amaituko ziren, eta oker ez banago, ez da hola. Historian hainbat iturrik Euskal Herriei ezarri dizkieten mugak dakartza, historian hainbat liburutan agertu diren Euskal Herrien mapak, alegia, Nafar Estatuari lotuta egon zein ez. Horretaz, gainera, Josemarik berak idatzi behar izan du, nafar estatuzale batzuen zenbait kritikari erantzunez. Halako zerbait irakurri diot, behintzat. Ondo ala txarto egin dezaket, baina dakidanaz, irakurri dudanaz edo bizi izan dudanaz idatzi ohi dut, edo horretan ahalegintzen naiz, behintzat. Oker historikoak ikusi badituzu testuan, esan zehazki non dauden eta zein diren datu zuzenak, holan denok ikasiko dugu, ez baitut ukatzen datu edo interpretazio okerrak egon daitezkeenik. Zoritxarrez, historia liburu GUZTIETAN daude datu eta interpretazio okerrak, GUZTIEN atzean daudelako gertaeren hautaketa eta interpretazio politiko eta ideologiko zehatzak.
    Estatu guztien aurka beti, osasuna, askatasuna eta anarkia, Euskal Herrietan eta munduan

  • aselluzarraga

    Ez naiz eruditoa edo intelektuala (hek bezala izaitetik Bakunin jaunak zain nazala!) eta, beraz, nire hitzekin baino hobeto ulertuko dugu Josemarik bere liburuan egin nahi izan duena berak idatzitako artikulu honen bidez (hark idatzitako guztiarekin bat gatozenetz alde batera utzita): http://www.nabarralde.com/es/egunekoa/7705-la-raya-de-nuestro-pais

  • Ernesto Sagasti

    Artikuluan azaldutakoa ikuspuntu kritiko batetik aztertu nahi dut, eta, era berean, iritzi kontrajarriekin erkatu. Helburu horrekin, erabiltzen dudan informazio historiografiko hartuko dut oinarri, baina esan beharra daukat oso litekeena dela zuek erabiltzen duzuenarekin bat ez etortzea, edo eskuragarri dagoen guztiarekin bera gertatzea. Hala ere, eztabaida sortzeko eta gaia garatzeko nire hausnarketa baliagarria izango dela espero dut.
    Artikuluan estatuaren kontrako jarrera oso gogorra erakusten duzu. Lehenengo eta behin zurekin ados nagoela esan nahi dut. Zuk bezala, nik ere estatua pertsonen askatasunaren etsai nagusia dela deritzot. Hala ere, organismo honen kontra era egokian azaltzeko ezin da nahastu garai eta era ezberdineko egitura politikoak, zaku berean sartu, inolako bereizketarik kontuan hartu barik, nire ustez.
    Eneko Aritzak sortutako Iruñeko erresuma da zure kritikaren aurreneko gaia, erromatarrek hirian ezarritako zenbait ezaugarriren araberako tankera zuela argudiatuz. Alde batetik, ezer gutxi dakigu garaiko Iruñako inguruan horrelako baieztapenak ahal egiteko. Bestaldetik, Erromatar Inperioaren erorketatik Iruñeko erresuma sortzeraino hiru mende baino gehiago igaro ziren, hiriko eta inguruneko biztanleriaren bizimoduak erabat aldetzeko nahiko denborarik. Esaten duzuen moduan, erresumaren osaketa karolingiarren mehatxuari erantzuna zen, baina baita ere musulmanen zemaiari, horiek Erromara iristeko ahaleginean Arga eta Ega ibaietatik gora zebiltzan Pirinioak zeharkatzeko bidearen bila.
    Horrenbestez, Iruñako erresuma gehien bat egitura militarra zen, berezko ezaugarriekin, eta bere antolakuntza nekez aldera daiteke lau mende geroago euskal lurraldeetan ezarritako egitura eta antolakuntzarekin, egiten duzun moduan. Batzar Nagusiak, Bizkaikoa, esaterako, Euskal Herrien estatuaren barruan kokatzen duzu, estatu horren emaitzak bailiran azaltzen dituzu; baina erakunde hauek sortu zirenerako, Bizkaia, beste euskal lurralde batzuk modura, Gaztelako koroaren menpean zeuden, eta Batzarren sorkuntzak koroa horren boterea mugatzea zuen helburu. Beste gauza da zer interesen arabera sortu ziren, eta zer jokabide izaten zuten.
    Esaten duzun bezala, egitura hierarkiko eta zentralizatuaren sorkuntza euskaldunen independentzia galeraren abiapuntua da. Baina, jarraian argi uzten duzun moduan, aipatutako egiturak ez dagozkio Nafar erresumari. Estatuaz eta beste egituraz era abstraktuan jardutea arriskutsua izan daiteke, euskal estatuaren alde agertzen direnei argudioak ematea suerta daitekeelako.
    Bestalde, Gaztelak Nafar erresuma konkistatu izan ezean nafar guztiak frantsesak liratekeen esatea txantxa moduan ulertzekoa da, baina fikziozko historia egiteaz gain, gertakizun historikoei bira ematea besterik ez da. Labrit eta Borboi etxeetako bateratzea Nafarroako erresumaren zirauena, hots, seigarren merindadea, Gaztelako mehatxutik salbu jartzeko hartutako erabakia zen; beraz, Gaztelako konkistaren ondorioa.

    Estatua eta egitura hierarkikoen kontra era oldarkorrean azaltzen zara (eta alderdi honetan zurekin bat nator), baina aldi berean euskal askatasunaren azalpen idealizatua oso erabiltzen duzula uste dut. Adibidez, askatasun hori Eneko Aritzaren garaiko Iruñari kontrajartzen diozu, eta mendi eta haranetan bizi ziren euskaldunei ekarritako kalteak aipatzen dituzu. Baina, zer dakigu orduko jende xumearen gainean? Aske bizi zirela esaten duzu, baina ezer gutxi dakigu orduko jendearen bizimoduari buruz. Mende ugari Erromatar Inperiopean bizi ondoren, Goto, Musulman eta besteko herrien oldarrak jasan behar izan zituzten hurrengo mendeetan, batez ere ibaiertzeko lurralde emankorretan, eta horren ondorioz, mendi magaletako lurralde antzuetan bizimodu latza eramatera derrigortuak ziren. Egoera hau zitekeela kontuan hartu, zer susma dezakegu orduko harreman eta giza antolakuntzari buruz? Agian horizontalak eta orekatuak ziren, baina ez dugu inolako argibiderik hori jakiteko.
    Herri demokrazia, udal batzarrak, herri independentzia eta kutsu honetako azalpenak erabiltzen dituzu, baina aipamen hauek geroko erakundeei buruzkoak dira, eta artean demokratikoak ez baino beste tankerakoak ziren. Batzarren albisteak erresuma garaikoak dira, eta horrenbestez erakunde horien ahalmenak eta erabakitzeko gaitasuna erabat murriztuak. Bizkaian zuhaitz pean bilkurak egiteko ohitura, komunitateen ordezkariek adostasunetara heltzeko eta erabakiak hartzeko, antzinakoa zen, erresuma osatu baino lehenagokoa, Malato arbolaren kondairak dioen bezala (baina kondairazko ez diren beste testigantzak baditugu, Gernika edo Gederiaga, esate baterako). Hala ere, nolakoak ziren ez dugu ezagutzen. Zer ezaugarriak zituzten? Demokratikoak ziren? Edonork parte har zezakeen? Erabakiak adostasunez hartzen zituzten? Iraganeko kontu hauek hain gutxi ezagututa, antzinako askatasunaz hitz egitea menturazko jarrera hartzea da; aldi berean, antzinako urrezko aroan sinesten duen jendearen parean jartzea.

    Ezkertiar abertzaleekin ia ia ez dut harremanik. Beraz ez dakit ondo kaleetan eta harreman pertsonaletan zer esaten duten. Baina klase politikoaren diskurtsoa ezagututa, harrigarria dirudit monarkia baten alde dihardutela, tirania monarkikoa zuritzeko prest daudela eta artikuluan egiten dituzun mota honetako baieztapenak. Ez dut uste Nafarroako erresumari aipamenak egiten dizkiotenean erresuma berregituratzeko asmoarekin egiten dutenik. Aldiz, biztanleriaren estatus juridiko eta politiko baten berreskurapena da aldarrikapen muina, edo argudio eraginkorra, ene ustez, indarrez ostutako egoera berriro ezartzea, eta, zentzu horretan, zilegi deritzot saiakera honi. Halere, zer motatako egitura politiko ekar lezakeen egitasmo horrek, deitutako indar ezkertiarrek botere eskuratzean zer portaera erakusten duten ikusi eta gero horren tamainako aldaketa gauzatzeak zer arrisku ekar lezakeen, oso bestelako gaia da.

    Por lo demás, algunos de los comentarios y opiniones que han surgido al hilo del artículo, y que han sido difundidas junto con el mismo en papel merecen algunas puntualizaciones. En el artículo firmado por Nafar Libertarioak se indica la irrelevancia de reivindicar una demarcación territorial que existió hace ocho siglos, y por otro lado se hace referencia a la acotación al poder real que suponen los fueros. Al respecto de este último asunto, no conozco demasiado bien el caso de Navarra, pero por lo que se refiere al de Bizkaia, Gipuzkoa y Araba, la legislación foral se establece como una forma de gobierno (limitada a ciertos ámbitos, económico y administrativo, principalmente) autóctono y propio del ámbito rural, contrapuesto a la legislación de las villas regidas de acuerdo al derecho castellano (Siete Partidas y Código de Alcalá). El caso de Navarra es diferente, evidentemente, puesto que hasta 1512 no se encuentra bajo dominio castellano, y sus fueros no surgen como una respuesta a las presiones que un poder foráneo (si no consideramos como tal a la casa Champaña) que amenaza la legislación propia.
    En cualquier caso, las leyes forales (excluyendo los fueros francos y las cartas de aforamiento de las villas) son normas que recogen por escrito usos y costumbres por las que se regían las comunidades de los diversos territorios, y que hasta ese momento poseían un carácter oral. En este sentido, no se puede obviar el hecho de que los territorios que componen lo que se denomina Euskal Herria, han poseído hasta no hace mucho tiempo códigos forales propios, característicos del derecho pirenaico y en consecuencia distintos del derecho germánico, de los que incluso hoy en día permanecen residuos, y que se encuentran también en otros territorios como Aragón o Bearn (en este punto, un pequeño comentario en relación al artículo firmado por Iparretako Ak: derecho escrito no es sinónimo de derecho. El derecho consuetudinario también lo es, como su nombre indica. En torno a las primeras ordenanzas de Baztan manejas datos incorrectos ¿qué hay del régimen de panificados de 1345, o de las ordenanzas de 1543?).
    Insisto en que me parece un error acusar a cierto movimiento político el que esté intentando reinstaurar un antiguo reino. No creo que sea esa su pretensión, sino por el contrario lo que reivindican es la recuperación del estatus jurídico y político que poseía cierta población, y que ha sido suprimido mediante el ejercicio de la fuerza militar.
    Por otro lado, en relación a la cita de Juantxo Estebarantz, hay que señalar que la historia del reino de Navarra ha sido sistemáticamente ocultada y falsificada por parte del mundo académico español, manejando sin el más mínimo pudor las mentiras más evidentes y vergonzosas. Hablar de verdad histórica al respecto es un poco complicado, puesto que la realidad del momento no es, todavía hoy, bien conocida, y porque los análisis sobre la misma, las interpretaciones y las conclusiones, adolecen de evidentes sesgos y condicionantes. Al nacionalismo, al independentismo, se le acusa vehementemente de haber inventado una tradición vasca para legitimar e impulsar su proyecto político. Es cierto que a lo largo de la historia los diferentes movimientos de corte soberanista han utilizado, al hilo de la escuela romántica, cuentos, mitos, pseudo-historia, literatura legendaria o fantásticos relatos de origen bíblico, para apelar a un pasado ideal con el objeto de dotar de vigor a sus pretensiones políticas, pero no es menos cierto que todo este bagaje ha sido utilizado en los últimos años desde el ámbito académico español para crear una visión y una forma de entender el movimiento independentista muy concreta, elaborando una serie de estudios que se suponen científicos y objetivos, pero en los que se pueden encontrar mentiras descaradas, ridículas invenciones y teorías tan fantásticas como la tradición que es objeto de sus ataques. A tenor de estos estudios, el sistema foral no es un elemento relevante en la historia de las provincias vascas, y rasgos como el euskera, una cultura particular, una manera de ser y de actuar características, no son elementos significativos a la hora de entender la emergencia de una conciencia diferencial en cierto conjunto poblacional. Todo termina por ser la fantasía mental de un grupo de alucinados.
    A Iparretako Ak. De nuevo algunas puntualizaciones sobre los datos que manejas. No se entiende que incluyas a navarros entre los grupos étnicos del reino de Pamplona, puesto el término navarros tiene su origen en los documentos francos con bastante posterioridad a la creación del reino, y porque ello conlleva un cambio de designación del reino, que “de Pamplona” pasa a llamarse “de Navarra”. Equiparas nación a pueblo. En este caso, el asunto se reduce a un problema de definición, qué es lo que entendemos con estos conceptos, pero por lo que hace a su uso, tradicionalmente se encuentran bastante alejados. “Pueblo” es un término que encontramos en los textos latinos, “populus romanus”, y hace referencia a los ciudadanos del imperio. El vocablo “nación” comienza a utilizarse en la Edad Moderna, sobre todo para definir a la forma política, el Estado-nación, que surge en este periodo, y hace referencia al lugar donde se ha nacido.
    Señalas que el reino de Navarra no fue jamás el Estado de los vascones. Sin embargo, los libros de historia califican al reino de Pamplona como vascón. Entiendes también que Baztán no perteneció al reino hasta una época muy tardía, y señalas otras circunstancias en relación a otros territorios. No tengo demasiada información al respecto, pero para entender bien estas cuestiones hay que tener en cuenta que durante el medievo las estructuras políticas no son entes monolíticos como los actuales estados, con fronteras perfectamente definidas y relaciones sólidamente establecidas. Se da una continua fluctuación de los límites territoriales, y hay un constante juego de dependencias, alianzas, supeditaciones, integraciones, situaciones de hegemonía, etc.

    Beno, honekin amaitzen dut. Astuna ez izatea espero dut, eta eztaibada honetan aurrerantz urratsa ematera lagungarria izango dela.

    Salud

    Sagasti

  • iparretako ak

    Iepa, Sagasti; Kantorowicz en “Los dos cuerpos del rey” dice:”el derecho libre surge de un modo espontaneo en el seno de la comunidad y tiene una existencia independiente del derecho estatal(…).El derecho consuetudinario solo es autentico Derecho si el estado lo reconoce como tal y siempre que no contradiga las disposiciones estatales”. Uno de los errores basicos de la concepcion tradicional o formalista, es la identificacion de la ley con el Derecho y el Derecho con la voluntad del estado.
    “Datos incorrectos sobre Baztan”; puede ser la fecha de la primera ordenanza y que hubiese otra de unos anos anteriores como tu apuntas.Aunque sea asi y lo sera,no hace cambiar en nada el argumento principal.
    Sobre el regimen de Panificados, el que estan en el error eres tu ya que se refiere a las primeras ordenanzas de Valle del Roncal.
    Yo les llamo navarros por que no se me ocurria otro nombre que pudiese diferenciarlos del resto de los habitantes de Pamplona.Llamandoles navarros en vez de vascones o vascos pensaba que se podia entender mejor sin mas mas.
    No, yo no confundo pueblo y nacion es por lo que siempre digo Euskal Herriak y comunidades vascas.

    Osasuna eta Askatasuna

    • Ernesto Sagasti

      Tienes razón en lo relativo a Baztán. Me he equivocado y he tomado datos del Roncal. Mis disculpas. Los usos y costumbres, que después se reconocen como derecho cuando son redactados, que yo sepa son prácticas habituales de la comunidad, y que existen al margen de la acción del estado.

  • aselluzarraga

    Aupa Sagasti. Barkatu, aspaldi ez nintzen hemen sartzen eta orain irakurri dut zure testua. Oso aberasgarria. Jakin badakit nire testua ideologikoa dena eta informazioa horren arabera jarrita dagoena. Beraz, jakin badakit historian ilun diren garaiak aipatzerakoan arrisku handia hartu dudana. Nire asmoa, ordea, ez zen historia zehatza egitea, historia ulertzeko beste kontzeptu batzuk erabiltzea baizik, eta espero dut hori nabarmena izatea. Ezker abertzaleak eta ohiko abertzaletasunak, oro har, ematen du ez duela independentziarik ulertzen Estaturik gabe, eta hortik dator kritika. Izan ere, 1512ra jotzen dutenean, orduan euskaldun batzuek “euren” erresuma izatea, “euren” erregea izatea, independentziatzat jo dute. Kontrakoa erakutsi nahi nuen nik: independentzia herrietan, herritarrengan dago (euren buruari emandako batzarrak, euren parte hartze zuzena), edo ez dago halako independentziarik. Errege baten mende egotea ez da independentzia. Errege hori izateko arrazoiak, une historiko batean, zentzuzkoak izan zitezkeen batzuentzat, baina akats historikoa delakoan nago, edozein egitura hierarkikori bidea ematea, halako prozesuek atzera bueltarik izan ohi ez dutelako. Adibide bat jarriko dizut. Ez dakit orduko arabiar inperioa geroko espainiar inperioa baino oldarkorragoa eta indartsuagoa zen -nago ezetz-. Bada, maputxeek, esaterako, espainiar inperioari aurre egin eta Espainiako koroak haien naziotasuna onartu eta errespetatzea lortu zuten. Eta horretarako, maputxeek ez zuten sekula erresumarik sortu eta euren buruari egitura nahiko horizontalak eman zizkioten beti, komunitate bakoitzak “longko” edo komunitate buru bat eta “machi” edo gidari espiritual bat izan arren. Izan ere, erabakiak komunitateko herritarren arteko batzarretan hartu dituzte -oraindik ere-, eta komunitate horiek autonomoak eta askeak izan ziren beti, bai espainiar inperioari aurre egiteko bai orain Txileko Estatuari egiteko. Uste dut hautua ez dela hain txarra izan, kontuan hartzen badugu espainiar inperioak oso indartsuak ziren inperio hierarkiko eta militarrak, hala nola inka, maia, azteka… azpiratu zituztela, eta maputxeak izan zirela kolonizatu barik aitortu eta errespetatu zituen bakarrak kontinente osoan. Maputxeek, lehenago inka inperioari aurre egin eta haien inbasioa geldiarazteko gai ere izan ziren. Hori dena errege barik eta armada iraunkor barik. Daukagun oraina ezagutzen dugu, ez dugu inoiz jakingo zer izango zen euskaldunek herriz herri antolatzen eta mehatxu militarrei aurre egiteko eta antolatzeko buruzagi iragankorrak baino ez hautatzen jarraitu balute, baina esango nuke, eta noski, teoria baino ez da, erresuma sortzea akatsa izan zela eta egitura hierarkikoak naturalizatzen eta barneratzen lagundu zuela, hots, herri independentzia galtzen. Argi dago, historiaren interpretazioa da, okerra izan daiteke, baina 1512ko Erresumaren galerari buruz esaten direnak ere interpretazio historikoak baino ez dira, mugatuak, ideia baten alde: euskaldunok Estatua behar dugu independentziarako, iraganean “Estatu” “independente” bat izan genuelako. Historiografia menderatzaile ofizial guztien joko berean sartzen dena: herrien historia erakunde hierarkikoen historia, erregeen garaipen eta porroten historia da, ez herri xumearena. Uste dut, horretaz hitz egiten denean, oro har, ezker abertzaletik analisi eta diskurtso oso pobrea eta mugatua egiten dela, asmo politiko jakin baten mesedetan. Beste asmo politiko bat daukagunok, ez nazioen independentzia, herrien eta herritarren independentzia -edo hautazko interdependentzia-, alegia, historiaren beste interpretazio bat kontrajarri behar diogu. Horretan datu historikoetan hanka sartzeak egin ditudala? Seguruenik bai, egin ditut.
    Eskerrik asko, dena dela, eman dituzun zehaztapenengatik.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: